
KINDERGARTEN
KINDERGARTEN
Familiekin batera jarduten gara umeen garapena lantzen, arlo guztietan: hizkuntzak, emozioak, gorputza, mugimendua eta besteekiko harremana. Giro goxoan dauzkagu umeak, konfiantza eta segurtasuna emanez, horren bidez bultzatzeko ikasleen hainbat gaitasun.
- 2 urteko gelak: estimulazio goiztiarra lantzen dugu, ikasketa-esperientzia ugari eskainiz.
- 3-4-5 urteko gelak: hiru espazio handi ditugu hemen, elkarrekin komunikatuta, aurreneko urteetan behar duten inguru emozionala emateko. Gainera, espazio handiak direnez, aukera daukagu maila guztiak aldi berean lantzeko. Goizean goiz eta arratsaldean bizipenen bidaia egiten dugu (Erlebnisreise): hiru espazioak bat egiten ditugu eta espazio handi bakarra sortzen dugu, umeek konpetentzien txoko guztiak eskura izateko.

LEHEN HEZKUNTZA
Etapa honetan, funtsezko ohitura, ezagutza eta trebeziak garatzen dituzte ikasleek, oinarrizko konpetentziak hartzen hasten dira eta bakoitzaren nortasuna eraikitzen. Garai honetan hartzen dute bere buruarekiko nahiz besteekiko ardura, autonomia eta lanerako eta besteekin bizitzeko ohitura onak.
Kristalezko paretak dituzte ikasgelek, kurtso bakoitzeko bi, eta mugi daitekeen kristalezko pareta baten bidez konektatuta daude biak, kurtso bereko ikasle guzti-guztiek hezkuntza-esperientzia berbera izan dezaten aldi berean. Diseinu malgu horri esker, hainbat eratan egin dezakete lan, gelen diseinuak ergonomiarekin lotutako ezaugarri fisiologiko, anatomiko eta psikologiko guztiak betetzen dituelako.
Irakasleak eta ikasgaiak horretarako planifikatu ditugunez, gainera, bi taldeek ikasgai bera lantzen dute aldi berean.

BIGARREN HEZKUNTZA
Bigarren Hezkuntza garai giltzarria da gure ikasleen prestakuntza akademikoan eta bakoitzaren ibilbidean. Horregatik, garai honetan, inguru global eta kolaboratiboetan autonomiaz ikasteko gaitasuna emango dieten konpetentziak eskuratzen laguntzen diegu ikasleei, batik bat; hartara, konpetentzia horiek baliatzeko moduan izango dira erabaki kritikoak hartu behar dituztenean, ardura handia da-eta.
Bigarren hezkuntzako ikasgelek hedapen-espazio zabala daukate aurrean. Hizkuntza-zentro bikaina da espazio hori, eta hizkuntzekin (gure ikur bereizgarriarekin) estu-estu lotutako konpetentzietan eta trebetasunetan oinarritutako 3 gune ditu:
- Lesesaal edo irakurtzeko gela: irakurtzearekin lotutako gauzetarako gunea, sofa eta guzti.
- Solilab edo soziolinguistikaren laborategia: beren lantokia da, eta kontsultatzeko materiala eskura daukate bertan.
- Speaker`s corner: eztabaidatzeko eta deklamatzeko gunea.
Ikasturte bakoitzean, azkeneko egunetan, Proiektu eta azterlanen astea delakoa egiten dugu bigarren hezkuntzan. Kurtsoa gainditu duten ikasleei arlo desberdinetako proiektuak eskaintzen dizkiete irakasleek, bikote pedagogikoka (arte, musika edo zientziaren arlokoak, programaziokoak…). Ikasleek aukeratzen dute zer proiektu landu, eta proiektu bakoitzean hainbat kurtsotako ikasleek hartzen dute parte.
Gainera, errefortzuko saioak, bakarka ikasteko saioak edo besteekin batera ikasteko saioak ere ematen dizkiegu aparteko probaren bat prestatu behar duten ikasleei.

BATXILERGOA
Unibertsitatean hasteko prestatzeaz gain, mundu globalerako ere prestatzen ditugu ikasleak: etengabe aldatzen ari da mundua eta jarrera irekia eta konprometitua eduki beharko dute beti, eta etengabe ikasten jardun.
Batxilergoko ikasgelek ere badute hedapen-espazioa; kasu honetan, berrikuntza-zentroa: sortzeko, ikertzeko, gauza berriak asmatzeko eta garatzeko zentroa da, jasangarritasunari lotua dago erabat, eta bertan ingurumena eta ekonomia zirkularra etengabe ahotan darabiltzate ikasleek.
Malgua, diziplina anitzetakoa eta denek erabiltzekoa; halakoxea da espazio hori, 3 eremutan banatua:
- Makerspace: prototipoak prestatzeko eremua.
- Coworking: bakarka edo taldean lan egiteko eremua.
- Denkfabrik: ideiak eta sormena garatzeko eremua.
Guretzako ezinbestekoa da hezkuntzako etapa honetan ikasleek denbora ematea Ikerketa Lanari. Batxilergoko 1. mailan hasten dira lan hori prestatzen, eta 2. mailako irailean aurkeztu behar izaten dute, idatziz nahiz ahoz.
Ikerketa-lan horren bidez, unibertsitatean egin beharko duten lan-mota egiten irakatsi nahi diegu ikasleei, batxilergoko kalifikazioak hobetzen lagundu, eta bikaintasun akademikoa lortzeko bultzada eman.